Gautegiz Arteagako Herriko Plaza eraberritzeko lehiaketa. Egilekidea: Santiago Noain Maura (Estudio Mano)
Gautegiz Arteaga, Urdaibaiko biosfera-erreserbaren erdigunean kokatuta, lurraldean sakabanatutako hainbat auzok osatzen duten udalerria da, okupazio-dentsitate oso txikiarekin. Horregatik, proiektua garatzeko, Herriko Plaza Gautegiz Arteagaren bizitzarako funtsezko nodoa dela kontuan hartu da.
Modu honetan, herri mailan eragina izango duen kalitatezko elkargune bat proposatu nahi izan da, erreferentziazko gune bat sortuz. Hau da, hiri-akupunturaren bitartez hiria saretzen duen proiektua da aurkezten dena. Horrela, Herriko Plaza, oinez, bizikletaz zein garraio publikoz egiten diren mugimenduen erdigunea da. Eta horretarako, eremuko kota ezberdinak bateratu eta saretu egiten dira, arrapala irisgarri eta harmailekin.
Halaber, alde batetik, proiektuaren asmoa, Gautegiz-Arteagako plaza zaharraren izaera berreskuratzea izan da. Horretarako, antzinako plazaren jatorrizko elementuak ziren udaletxea, frontoia, kioskoa eta baratzak, plaza berrian modu eguneratuan integratzen dira.
Bestetik, herriko plaza batek izan ditzakeen erabilera anitzetarako malgutasun nahikoarekin diseinatu da. Hala nola, kontzertuak, herriko jaiak, ikuskizun eszeniko irekiak, zinema, antzerkia, jarduera gastronomikoak, merkatua, kirol-ekitaldiak edota haurrentzako jolasak bertan antolatu ahal izateko.
Amaitzeko, oinplanoan ikus daitekeenez, aldaketak izan dituzten eremuetan ezik, lehendik zeuden zoladurak kontserbatzea erabaki da, plazaren memoria bizirik mantenduko duen palimpsesto modura.